domingo, 17 de marzo de 2013

Experimentakzion (esperimentu+ akzion)

Aste honetan eta hurrengoan, esperimentakzion saioa egiten ari gara, Eskola Inklusioboaren eta antolakuntza ikasgaien ildotik. Asteleheneko saioak, eta ostiraleko saioak klase bakoitzak bere gelan egiten dituen arren, asteazkeneko saioetan haur hezkuntzako bigarren mailako gelak elkartu gara.

Horretarako, bi gelen ikasleen artean, 4-5 pertsonako taldeak sortu dira, orain arte egon diren taldeak gainditu eta besteekin lan egiten ikasteko. Bi ordu eta erdiko saio horretan, lehendabizi, orain arte eskola inklusiboaren inguruan ikasi eta landu duguna birpasatzea izan da: zer da eskola inklusiboa? Zer ezaugarri ditu? Zer ezberdintasun dago ikuspegi selektiboaren, integrazioaren eta inklusiboaren artean? Momentu horretara arte, dena ondo ulertu dugu, eta horretaz gain, gure artean debate txikiak egiteko aukera ere izan dugu, bakoitzak eskola inklusiboaren inguruan duen iritzia emanez, hau da, zaila da gela batean inklusioa bermatzea? Nola egingo genuke guk?....

Baina lehen aipatutako azken galdera horretan, hausnartzeko eta prestatzeko gunea izan dugu. Izan ere, ez genituen ondo bereziten integrazioa eta inklusiboa. Batzuk, berdina zela pentsatzen genuen, baina, ez, haien arteko ezberdintasuna argi dago. Horretarako, hasieran klasean irakurritako testuaz baliatuko naiz, Afaltiarraren parabola, alegia.

Lagun batek, bere lagunak gonbidatu zituen afaltzera, baina konturatu egin zen, horietako lagun batek elikadura arazoak zituela eta ezin zuela denetarik jan. Horren aurrean, sukaldariak hiru irtenbide zituen, hots, aipatutako hiru ikuspegiak.
  1. Selektiboa: Afaria prestatuta zegoenez, denetarik jan ezin zuen lagunari deitu eta beste egun batean gonbidatuko zuela esan.
  2. Integrazioa: Denetarik jan ezin zuen lagunari menu berezia eta ezberdina egin, eta gainerakoei pentsatuta eta prestatuta zeukan menua eman.
  3. Inklusioa: Azken momentuan, menua aldatu eta guztientzat baliagarria eta onuragarria zen afaria prestatu, guztientzat menu berdina izanik.

Hau da, inklusibitatean, ikasle guztiek, haien premiak edo jatorria edozein izanda ere proiektu eta programa berean lan egiten dute gela arruntean bertan, eta integrazioaz ari bagara, nahiz eta gela bereran egon,  bi proiektu ezberdin egongo dira, bat premia bereziak dituzten ikasleentzat eta beste bat gainerako ikasleentzat. 

Hori ulertu eta gero, muralaren sorkuntzara ekin genion. Gure kasuan, talde elkarreragiletan oinarritu ginen, eta horren barruan, orain dela 40 urteko eta oraingo metodologiaren arteko aldaketan oinarritu gara.
  • Lehen, klaseak oso magistralak ziren; irakasleak bere mahaitik ematen zituen klasean eta umeak bakoitza bere mailetan zegoen. Orain, eta eskola inklusiboan,  txokoen erabilera azpimarratu ditugu, txoko bakoitzean dinamizatzailearen figura goraipatuz. Kasu honetan, irakaslearen papera, ikuskariarena eta motibatzailearena izango da.
  • Bestetik, ikasleak taldekatzerako orduan, beti finkoak ziren eta estereotipoetan oinarrituta egiten ziren. Gaur egun, taldeak maiztasunez aldatzen dira, ikasle guztien artean  harremanak eta elkarreragina sendotzeko asmoz.  Horretaz gain, taldekatzeko, ikasleen beharretan oinarritzen da.
  • Azkenik, orain dela 40 urte Haur Hezkuntzako eskolak eta Hezkuntza Premia Bereziko eskolak bereizten ziren arren, gaur egun, inklusioa bultzatzen da, hots, guztientzako eskola.
Saio hauetan, nahiz eta nire klasekoak ez diren ikasleekin lan egin,  gustura sentitu naiz,  iaztik begi bistaz behintzat ezagutzen ginelako, eta gainera gure artean giro ona antzeman delako. Guztiontzat hitz egiteko eta gure pentsamendua edo iritzia emateko aukera izan dugu, eta guztion parte hartzea bultzatu egin da, murala egiterakoan lan kooperatiboa bultzatuz .

No hay comentarios:

Publicar un comentario