domingo, 3 de marzo de 2013

Eskola inklusiboaren postulatuak, bizitzako eredu


Inklusioaz ari garenean, hurrengo postulatuak gogoan izatea ezinbesteko baldintza izango da. Beraz, aztertu ditzagun  postulatu hauek zer dioten eta zer esan nahi duten.

1. Dibertsitatea goraipatu behar du eskolak
Eskola osatzen duten kideen dibertsitateak eskola bera eta bertako ikasgelak indartzen, sendotzen ditu eta dibertsitate horretatik ikasteko aukera paregabeak eskaintzen dizkie. Pertsona bakoitzak, ezaugarri, erritmo, premia, kultura, ohitura, esperientzia ezberdinak ditu, eta hauek errespetatu eta onartuz, guztiak aberastuko gara.

2. Ikasten gozatu behar: eskolan den-denek gustura eta seguru ikusi behar dute beren burua
Eskolan ikasle, irakasle, hezitzaile eta komunitateko kide guztiek joan nahi izatea premiazkoa da, hau da, gustura eta seguru sentitzea.

Ikasleak gozatuz ikasi beharko lukete, gozatzea ezinbestekoa da ikasi nahi izateko. Hori dela eta, irakasleek, irakaste-ikaste prozesuan ahalik eta metodologia egokiena eta esanguratsuena aukeratzen saiatu behar dira. Oinarria, motibazioa da, eta hortik abiatuta ikaskuntza hasiko da. Horrez gain, emaitzei baino, ikaste prozesu osoari eman behar zaio garrantzia, hots, eboluzioari.

Hitz gutxitan esanda, ikasketa eskatzen duen ahalegina ukatu gabe, ikasleak gozatuz irakastea lortu beharko luke eskolak. Hezkuntzaren hasierako urteetan, ikasteko motibazioa egoten da ikasleen aldetik, baina ikaslea hezkuntza sisteman gora egiten duen heinean, motibazioa galtzen hasten da, eta batzuetan esaten den bezala, letra odolez sartzen da.

3. Berdintasun politikan oinarritua behar du eskolak
Herritar orok du bere komunitateko eskolara eta bere adineko ikaskideen ikasgelara joateko eskubidea, kalitatezko hezkuntza eskainiko diona. Eskola hori berdintasunezko printzipioak osatu behar dute, baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek tratamendu bera jaso behar dutenik, baizik eta pertsona bakoitzak dituen beharren eta premien arabera tratamendu bat edo beste jasoko du.

4. Ikastea erraztuko duten irakasleak eduki behar ditu eskolak
Irakasleak, hezkuntza prozesuan, metodologia eraginkorrena erabili behar du, talde lana, ikasleen parte hartzea eta jakinmina sustatzen duena. Hau da, klase dinamikoak prestatu behar ditu, teoria praktikaren bidez azalduz. Horretarako ere, ikasleen aurrezagutzak eta esperientziak kontuan hartzea oso aberasgarria izan daiteke, eta hortik abiatuta ikaskuntza prozesua aurrera eraman. Bestetik ere, irakaslearen jarrera aktiboa eta gogotsua izan behar da, interesa erakusten duena, eta ikasleen eta beraren arteko feedbacka sustatzen duena.

5. Eskolak ikaslea elkarlanerako prestatu behar du, ez lehiaketarako
Orain arte, indibidualtasuna eta ikasleen arteko lehiakortasuna sustatu bada ere, bada garaia, irakasleen aldetik, ikasle guztien arteko talde lana eta kooperazioa bultzatzeko. Nahiz eta egungo gizarteak lehiaketarako enfasia jarri, ikasleak kontzientziatu behar dituzte, etorkizunean, taldeka lan egitea ezinbestekoa izango baita. Gainera behin eta berriz aipatu dudan bezala, bakarrik ezin izango dugu ezer egin, taldeka lan egin behar dugu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario