lunes, 20 de mayo de 2013

Azken hausnarketa eta balorazioa


Eskola Inklusiboaren Oinarriak ikasgaiaren azken hausnarketa eta balorazioa egiteko garaia iritsi da, baina lauhilabete honetan zehar ikasitakoa islatzea eta hitz gutxitan laburtzea ez da lan erraza izango, arlo akademiko edo profesionalean ikasteaz gain, nire egunerokotasunaren arlo pertsonalean ere ikasteko eta aldatzeko baita nire nortasuna eraikitzeko aukera paregabea eskaini baitit.

Hasieran, otsaila aldera, inklusioaren inguruko ezagutzak urriak ziren arren, interes eta jakinmin handia nuen, zer landu eta ikasiko nuela entzuteko. Hasiera-hasieratik, ikasgai hau bestelakoak bezalakoa izango ez zelaren susmoa nuen, irakaslearen jarrera eta pentsamendua ezberdina baitzen, eta hala izan da.

Lehenengo egunetik, taldeka lan egitearen garrantzia goraipatu izan du, eta bere hitzetan sinestuz, horrela egin dugu lan klaseetan. Hala ere, nire ikaste koadernoa den honetan, lana indibiduala edo banakako lana nagusi  izan da, bertan, nire ikas prozesua, nire ondorioak eta nire hausnarketa pertsonalak agertzen direlarik, jarrera kritikoa garatuz. Hau horrela izan arren, blog honetan islatutakoa, klasean taldeka lan egindakoaren ondorioak dira, edo klasekide guztien artean egindako eztabaiden eta ekarpen ezberdinen ondorio dira.

Esan bezala, ikasgai honetako metodologia, talde lanetan eta kooperazioa, parte hartzean eta zine forum-ean oinarritzen dira, eta erabilitako metodologia hau oso esanguratsua eta interesgarria iruditu zaidala aitortu behar dut. Talde lanetan, oso gustura sentitu naiz, eta horrez gain, ikasteko eta ikuspuntu ezberdinak hautemateko aukera eman dit. Hau da, taldeetan, taldekide bakoitzaren parte hartzearen eraginez, guztion iritziak eta pentsamenduak entzun ahal izan ditut, eta nire iritziarekin alderatuz, nire hausnarketa eta ondorioak atera ditut. Gainera, talde lanaren alde positiboa dena, elkarren arteko laguntza da, hau da, pertsona batek ulertzen ez duena, besteak azaltzen dio, berdinen arteko ezagutza eraikiz.

Hau horrela izanda, ezagutza era teoriko batean eraikitzea baino, era praktiko eta dinamiko batean sortzea izan da bidea, beti ere, talde lanaren eskutik. Honen aurrean, esan beharra daukat, irakaslearen jarrera momentu orotan oso aktiboa eta prestutasunez beterik izan den arren, zenbait momentutan gure jarera ez da egokiena izan, hots, pasiboa izan da eta gogorik gabekoak. Hala ere, irakasleak ahaleginak egin ditu gure jarrera aldatzeko gauzak hobetze eta aldatze aldera, batzuetan asmoa lortu ezinik.

Ikasle gisa, zeinbait momentuan, galduta sentitu naiz, jarraitu beharreko eskemarik aurrean izan ez dudalako.  Batzuetan, ez nekien zer zen klase bakoitzaren helburua edo egin beharrekoa. Gainera, ikasgaia den side-a egon eta bertan baliabide eta informazio ugari ego arren, hauek bilatzeko kaosa izan da, oso ordenatutik ez baitago, gauzak aurkitzeko zailtasunak areagotuz. 

Bestetik, ikasgai hau aurrera eramateko, klasean adi egotea eta horri buruzko  apunteak hartzea  oinarria  izan da gerora horren inguruko hausnarketa egiteko,  eta Ikaste Koaderno hau den honetan islatzeko. Beraz, ikasgai honetan, ikasle presentziala izateak, izugarrizko garrantzia izan duela uste  dut, informazioa eta ezagutza garrantzitsuena klasean eman dugulako, talde handitan zein txikitan, bertan konklusio nagusiak atera baititugu. Eguneroko lana eta prozesua, egunean eramatea, autonomia lantzen lagundu du, bakoitzak erritmo eta lan egiteko era ezberdinak dituelarik.

Etorkizunean, ikastetxeetan ikasleen artean aniztasun ugari egongo da, gure gizartea anitza den bezala. Hau da, ikasle bakoitza, lan erritmo, behar, zailtasun, kultura, ohitura, jarrera, etab. ezberdinak izango ditu. Aniztasun hau, errespetatu eta baliotzat hartu behar ditugu, edozein jarrera diskriminatzaile baztertuz eta irakaste eta ikaste prozesuan konpromisoa hartuz. Beraz, ikasleen testuinguru zabala kontuan hartuz, curriculumean oinarritutako ikuspegia kontuan hartuko dugu, guztion parte hartze sustatuz eta ikasle guztientzat eraginkorra izango den irakaskuntza eta ikaskuntza aplikatuz.

Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleak egotekotan, behaketa ezinbesteko teknika edo tresna izango da. Ikaslearen ezaugarriak eta jarrerak behatuko ditut eta ondoren, gainerako irakasleekin baita ahokulariarekin hitz egingo dut. Gero aholkulariaren eta Berritzgeunearekin batera, ikasle horren diagnostikoa egingo da, hortik aurrera, bere beharrek erarik egokien erantzuten ahaleginduko naiz, beharrezkoak diren espezialisten laguntzarekin baliatuz. 

Kasu hauetan, Curriculumean egin beharreko egokitzapenak egin eta gero ikastetxe barruko zein kanpoko espezialistekin harremana eta kolaborazioan lan egingo dugu, gelako tutorea ikaslearen espezialista dela ahaztu gabe. Horrez gain, ikasle hauen familiarekin zein Komunitate osoko partaideekin harremanetan egotea funtsezkoa izango da, guztiok norabide beran lan egiteko eta informazioa elkartrukatzeko. Azken finean, ikaslearen ongizatea eta garapen integrala  bermatzea da helburua, bere beharrak erarik egokienean erantzunez. Horretarako, ikasleen gaitasunak eta ahalmenak kontuan izan behar ditugu, ezintasunak edo zailtasunak alde batera utziz.

Prozesu hau, oraindik bukatu gabe dagoen bidea da, oraindik asko dago egiteko, eta guztion artean aldatu, eraiki eta hobetu behar dugu, guztioantzat kalitatezko hezkuntza sistema eraikiz. Haur hauen etorkizuna gure eskuetan dago, eta horretarako orain arte egondako pentsamendua eta jarrera aldatu behar dira. Argi izan behar dugu, bakarrik ezin izango dugula ezer egin, baina gure klasean hasitako aldaketa  eta hobekuntza txikiak, Komunitate osora zabaltzeko aukera dagoela ez dugu inoiz ahaztu beha, gogoa eta jarera baikorra behar da horretarako.

Pertsonalki, espektatibak bete dira, baina zenbait egoeretan, klasean gehienbat, nira jarrera aldatu behar dudala uste dut. Honekin esan nahi dut, parte hartzera animatu behar naizela, beldurrik edo lotsarik izan gabe. Izan ere, denok erratzen dugu, eta errakuntza horietatik ere eraikitzen da ezagutza.

Hau guztia esanda, eta aurrekoa laburbilduz, ikasgai hau etorkizunera begira oso baliagarria izango dela uste dut, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei erantzuna emateko zein benetako inklusioa bermatu ahal izateko. Ez da lan erraza izango, baina hasteko momentua da. Ikasgai honek, nire burua, egoera horietan kokatzen eta egoeren aurrean zer egin eta zer nolako jarrera eduki behar dudan aurreikusteko balio izan zait. Orain, momentua heltzea baino ez dago, bitartean formakuntza eta ezagutza eraikitzen jarraituko dut. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario