Laguntza, pertsonen garapena,
hezkuntza, interesak eta ongizatea bermatzen duen estrategia eta baliabideen
multzoa zela aipatu genuen klasean, Parrillasen arabera, lau laguntza mota
ezberdin daudelarik, hauek, pertsonen beharrak erantzuteko moduaren arabera
sailkatuta.
- Laguntza terapeutikoa
- Laguntza kolaboratiboa
- Kontsultazko laguntza
- Laguntza curricularra
Batzuetan, laguntza, umearen beharrak era indibidual batean
erantzuteko baliabide gisa dela esaterakoan erratuta gabiltza. Izan ere, laguntza,
umearentzat ez ezik, irakasleentzat edo umea inguratzen duen pertsonarentzat
ere bada, eta testuinguruan kokatzea funtsezkoa izango da aurrera jarraitu
eta era egokian egin ahal izateko.
Gainera, gehienetan, laguntza espezialisten beharrarekin
erlazionatzen dugu, hauek ezinbestekoak balira bezala. Eta, figura hauek oso
garrantzitsuak eta lan handia egiten duten arren, tutorea izango da, gela
bakoitzaren espezialista, eta etxean, gurasoak izango dira espezialistarik
onenak. Izan ere, batuetan espezialisten laguntzaz baliatzen gara, beharrezkoa
ez denean ere.
Horrez gain, espezialistekin jarraituz, esan beharra dago, hauek
eskolari laguntzeko direla, eskolak umearen beharrak eta zailtasunak era
egokian erantzun ahal izateko. Ohitura dago umeari laguntza emateko
erabiltzea, eta hori ez litzateke horrela izan behar.
Laguntzaren esanahia eraldatzeko eta espezialisten
figurarekin erlazionatzen usteko garaia da. Laguntza, metodologia edo
pentsamendu aldaketa hutsa izan daiteke, gelako espazioa eta denboraren
antolamendua, etab. Vigotskyren esanetan, elkarren arteko elkarreraginaren
bidez, pentsamendua eta ezagutza eraikitzen da, eta horretan taldekatzeak
garrantzi handikoa dira. Batzuetan, bikoteka lan egitea baliagarria izango da,
gehien dakiena gutxien dakienarekin jarriz. Beste batzuetan, elkarrekin
pentsatzen jartzeko talde txikietan edo talde handietan (hetereogeneoak) lan
egitea aberasgarria izango da, eta beste batzuetan, aldiz, banaka edo era
indibidualean. Antolamendu txiki eta sinple hori, laguntza bezala
har daitezke, inongo espezialistaren laguntzarik gabe. Aldaketaren
ikuspegia pentsamenduan izatea ezinbestekoa da, benetako inklusioa eta eskola
aktiboa bultzatzeko.
Azkenik,
espezialistak garrantzitsuak dira baina, irakaslearen banakako lana ez ezik,
irakasle taldearen arteko kolaborazioa ezinbestekoak dira, hauen koordinazio,
kooperazio eta kolaborazioaren bidez, umeei erantzuna eman hala izateko. Hitz
gutxitan esanda, tutorearen, irakasle taldearen eta gainerako espezialisten
arteko talde lana beharrezkoa izango da, ikasleen zailtasunei erantzun egokia
eman ahal izateko.
Hurrengo lerroetan,
ikastetxeko irakasle edo tutore batek egunerokotasunean izan ditzakeen laguntza
zrebitzu ezberdinak azalduko ditut.
Hezkuntza Berezia
(HB): Hezkuntza
Premia Bereziak dituzten ikasleei zuzendua dagoen hezkuntza da.
Aholkularia/Kontsultorea: Irakasle-tutoreei eta irakasle-taldeari laguntza
eta orientabidea eskaintzen dio Hezkunza Bereziari dagozkion gaietan.
Hezkuntza Bereziko espezialistak izaten dira.
Orientatzailea: pedagogo, psikologo edo psikopedagogoak dira eta
normalean DBHn dihardute (nahiz eta ikastetxe pribaturen batean HHn eta LHn ere
jardun dezaketen). Beren zeregin nagusia ikastetxeko irakasleei eta bereziki
tutoreei aholkuak eskaintzea da, horiek koordinatzea eta laguntzea. Eskola- eta
lanbide orientazioari eta orientazio pertsonalari dagokien zereginetan,
ikaslearen ikaskuntza zailtasunekin eta nortasunarekin zerikusia duten
alderdien inguruko esku hartzearen plangintzan, aniztasunaren lanketan,
curriculum-egokitzapenetan eta e.a. parte hartzen du.
Pedagogo Terapeutikoa
(PT): Irakasleen taldeko
irakasle bat izan ohi da, Hezkuntza Bereziko espezialista dena. Honakoak
dira bere funtzioak:
- Hezkuntza-premia bereziak
dituzten ikasleekin banaka edo talde txikitan esku hartzea, gela arruntean
zein laguntza-gelan.
- Curriculuma ebaluatzerakoan
lankidetzan aritzea.
- Curriculum-egokitzapen
indibidualak egiterakoan eta garatzerakoan lankidetzan aritzea.
- Material didaktikoak
prestatzerakoan lankidetzan aritzea.
- Familiekiko harremanetan
lankidetzan aritzea.
- Irakasleekin lankidetzan aritzea ikasleen aniztasunari erantzuteko.
Hezkuntza
Laguntzarako Espezialista:
HPBak dituzten ikasleen laguntzaile/hezitzaile izaten dira eta haiekin
gela arruntean egon ohi dira. Ikasleek dituzten behar zehatzei erantzuna ematen
diete eta irakasleekin elkar-lanean dihardute.
Ikastetxetik kanpoko
laguntza zerbitzuak: Ikastetxeetan
bertan kokatzen ez diren laguntza-zerbitzuak dira. Profesional anitzeko talde
multiprofesionalak dituzte eta lurraldeen edo autonomia erkidegoen araberako
eremua dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Berritzeguneak dute izena
eta Nafarroan CREENA.
Talde
Multiprofesionalak: Laguntza-zerbitzuetan
parte hartzen duten profesional anitzen taldeak dira (psikologoak, pedagogoak,
logopedak, fisioterapeutak…). Diagnostiko psikopedagogikoa,
eskolatze-proposamena eta hezkuntza-premia bereziak dituen ikaslearen
jarraipena egitea dute helburu. Ikasle horien irakasleen eta laguntzaileen
aholkularitzaz eta orientabideaz ere arduratzen dira. Talde horietako kide
guztiek funtzio orokor eta funtzio espezialista bana dute prestakuntza
espezializatua jaso duten hainbat programatan.
Ebaluazio
psikopedagogikoa: Ebaluazio
psikopedagogikoa irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren prozesuan esku hartzen duten
elementuei buruzko informazio garrantzitsua jasotzeko, aztertzeko eta
baloratzeko prozesua da. Berorren helburua da beren garapen pertsonal edo/eta
akademikoan desegokitzeak dituzten edo izan ditzaketen ikasleen HPBak
identifikatzea, baita curriculum-proposamenaren eta beharrezkoak izan litezkeen
laguntza-moten inguruko erabakiak oinarritzea eta zehaztea ere. Honakoetan
oinarrituko da:
- Curriculum-ebaluazio batean.
- Ikaslearen eta irakasleen
eta ikaskideen arteko elkarreraginaren behaketan.
Horietan kontuan
izango da eskolako eta familiako testuingurua.
Curriculumaren
Norbanakoaren Egokitzapena (CNE): ikasle
batek eskolatzearen aldi batean edo eskolatze osoan zehar izan ditzakeen
HPBei erantzuteko curriculumaren elementuetan (helburu, eduki, ebaluazio
irizpide, metodologia eta antolamenduan) egiten diren aldaketak dira.
Curriculumaren
Sarbiderako Egokitzapena (CSE): Egokitzapen
mota hori beharrezkoa izango da ikasleak hezkuntza sistemarako eta
hezkuntza-jardueren sarbiderako bitarteko arruntak erabiltzea eragozten dioten
HPBak dituenean. Ikaskuntzarako sarbidea izateko beharrezkoak diren laguntza
tekniko eta pertsonalei egiten die erreferentzia. Adibidez, gorra den ikasle
batek posiblea da, besteak beste, zeinu hizkuntzaren interprete bat behar
izatea.
Gela arrunta: ikasleen ohiko gelak, hezkuntza berezikoak ez diren
gelak.
Laguntza gela: Gela arrunteko baliabideekin bakarrik erantzun ezin
diren premiak dituzten ikasleen eskolatzean laguntzeko bitartekoei egiten die
erreferentzia. Gisa horretako gelak ikastetxeetan bertan egon ohi dira.
Ikasleei eskainiko zaien arreta egindako HPBen analisiaren eta testuinguruaren
ebaluazioaren araberakoa izango da eta taldekakoa nahiz banakakoa izan daiteke,
kasuen arabera. Arreta laguntza gelaren espazioan eskaini daiteke edo gela
horretako irakaslea gela arruntera joan daiteke. Gela honetako irakasleak prestakuntza
hezkuntza bereziko espezialistak (PT) zango dira.
Gela egonkorra: Ikastetxe arruntetan, zailtasun larriak izateagatik
eta beharrezko curriculum-egokitzapenak egin arren, curriculum arrunta
ikaskideekin elkarbanatu ezin duten edo gutxieneko zati batean bakarrik
elkarbana dezaketen ikasleei erantzuteko sortutako gelak dira. Autismoaren
espektroko nahasteak edo/eta adimen urritasunak dituzten ikasleak joan ohi dira
bertara.
Hezkuntza Bereziko
Ikastetxeak: HPBak dituzten
ikasleei, horien larritasunaren eta iraunkortasunaren arabera, hezkuntza
egokitua eskaintzea helburu duen ikastetxea dugu. Normalean ikasleek ohiko
ikastetxean zenbait ordu igarotzen dituzte eta gero, hala behar izanez gero,
posiblea da hezkuntza bereziko ikastetxe batera joatea zenbait orduz.
Ospitaleko ikasgelak: Ospitale-ikasgela batera joaten diren ikasleek
lan-plan indibidual bat izaten dute, egoera horretan arreta eskaintzen
dioten ikasleek eta bere ikastetxeko irakasleek egindakoa. Helburua ikaskuntza
ikaslearen egoeraren arabera programatzea da, bi inguruneetan egiten den lana
koordinatuz. Ospitaleko irakasleak PTak izaten dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario